Oier Lakuntza Irigoien, Arrano Elkarteko xakelari ohia da. Bere xake garaian, ez ongi, baina ikusi egiten zuen.

 

berria.info

”Nafarroako Hitza”.

Ostirala, 2012ko otsailak 3a.

Oier Lakuntza, kimikaria.

Gaixotasun arraro baten eraginez, itsu gelditu zen Oier Lakuntza. Ezintasun pentsioa jasotzen dutenek lan egiteko eskubidea dutela irizten dio, “pentsioak ezin duelako mugatu”.

”Lan egin nahi duten ezinduek izan dezaketen arazo baten lekuko naiz”.

Naiara Elola. Iruñea.

 

Ezintasunen bat duten pertsonek lan egiteko eskubidea dutela aldarrikatzen du Oier Lakuntza kimikari eta bertsozale gazteak (1985, Iruñea). Azken egunetan, albiste izan da, doktoretza prestatzeko Nafarroako Gobernuak emandako beka ez delako bateragarria duen % 84ko ezintasunagatik hilero kobratzen dituen 500 euroekin. Bidegabekeria dela iritzita, auzibidera jo du, eta otsailean izango da epaiketa. Erronkak maite ditu Lakuntzak, eta argi du ezintasun pentsioa Wolfram sindromeak eragiten dizkion gastuak ordaintzeko besterik ez dela.

 

Bertsolaritza duzu afizio. Nolatan hasi zinen bertsotan?

 

Gurasoak Iruñerrian tarteka izaten ziren bertso saioetara joaten ziren, eta ni ere haiekin batera joaten nintzen. Txikia nintzela, noizean behin hasten nintzen nire kasa bertsoren bat pentsatzen. Ikastolan jakin nuen bertso eskola bazela, eta hala hasi nintzen: Hasieran, Unai Agirrerekin, eta Estitxu Arozenarekin, ondoren. Egun, irakasle gisa Arkaitz Goikoetxea aritzen da.

 

Hala ere, bertsozaletasuna kimikarekin uztartzen duzu.

 

Horrela da. Txikitatik kimika gustatzen zitzaidan, eta unibertsitate ikasketak aukeratzeko garaia iritsi zenean, gustuko nuen karrera aukeratu nuen. Ikastolan ere kimika pixka bat eman genuen, oinarrizkoa, eta oso atsegina egiten zitzaidan.

 

Nafarroako Unibertsitatean zure promozioko ikaslerik onenetakoa izan zinen, eta orain EHUn doktorego tesia egiten ari zara. Aukeraketa ona egin zenuen?

 

Karreraren lau urteak nahiko gogorrak izan ziren, sakrifikatuak, baina ongi aukeratu nuela uste dut. Sarritan zaila izan zen arren, nahiko emaitza onak lortu nituen, eta, hori dela eta, Nafarroako Gobernuak beka eman zidan doktorego tesia egin ahal izateko. Horri esker, ikerketa mundua apur bat ezagutu ahal izan dut.

 

Ikasketa urteak gogorrak izan zirela diozu. Horretan zerikusirik izan du Wolfram sindromeak?

 

Guztiz loturik dago. Nik Wolfram sindromea daukat. Gaixotasun neurodegeneratibo bat da, arraroa, eta bost ondorio eragiten ditu. Alde batetik, ikusmenari eta entzumen nerbioei egiten die kalte, eta, horren ondorioz, guztiz itsua naiz, eta entzuteko arazoak ditut. Bestetik, bi diabetes mota ditut: Zaporegabea eta mellitusa. Bi diabetes mota horiek direla eta, gorputzak ez ditu likidoak ondo mantentzen. Wolfram sindromearen bosgarren ondorioa maskuri neurogenoa da: Maskuriak ez dio nerbioari erantzuten, eta, ondorioz, pixa egiteko arazoak izaten dira.

 

Horrek guztiak zer zailtasun eragin dizu zure ikasketak egiteko orduan?

 

Ez entzuteak ez zidan horrelako zailtasunik eragin; oztoporik handiena ez ikustea izan da, batez ere oharrak hartzeko garaian. Dena den, argi utzi nahi dut ez ikusteak ez duela esan nahi ezer egin ezin dudanik. Gehiago kostako da, baina ikasten duzun hori gustuko baduzu, oztopoak gainditu daitezke.

 

Teknologia aurrerapenak lagungarri izan dira?

 

Duela 50 urte bizitzea tokatuko balitzait, nire bizitza bestelakoa izango litzateke. Nik egiten dudana, hein handi batean, informatikari esker egiten dut.

 

Albiste izan zara jasotzen duzun pentsioa duzun bekarekin bateragarria ez delako. Nola sentitzen zara?

 

Jendearengandik babes handia jaso dut, baina argi utzi nahi dut egungo legedia ez dela bidezkoa. Izan ere, ezintasun pentsioa ezindu batek dituen gastu gehigarriei aurre egiteko besterik ez da. Nik pentsio hori jaso ezean, beste batentzat bizitzeko justu-justukoa litzatekeen soldata niretzat ez litzateke bizitzeko aski izango. Badirudi ezintasunen bat dugunok ez dugula gure gaitasunak erabiltzeko eskubiderik. Azken finean, ezintasun pentsioa kobratzeko modu bakarra lanik ez egitea da, gure gaitasunak baliatzeari utziz.

 

Jasotzen duzun pentsioa zilegi dela irizten diozu. Auzibidera jo duzu.

 

Duela urtebete, 11.000 euro itzultzeko eskatu ziguten, nire pentsioa eta Nafarroako Gobernuko beka bateragarriak ez zirela argudiatuta. Hamaika helegite aurkeztu ditugu, ebazpen horren aurka, baina ez dituzte aintzat hartu. Arrazoi horregatik, auzitara jotzea erabaki dugu, eta otsailean izango da epaiketa. Abokatuak esan digu epaiketan zerbait lortzea oso zaila izango dela.

 

Jasotzen duzun pentsioa bizitzeko nahikoa da?

 

Badirudi ezintasun pentsioa dela jaso dezakezun diru iturri bakarra. Nik 500 euro jasotzen ditut, eta nire ezintasuna % 84 ingurukoa da. Argi dago 500 eurorekin ezin dela bizi, beste lan bat eduki behar da. Doktoretza egokia izan da jendeari erakusteko ezinduok beste lan bat egin dezakegula.

 

Zure kasua komunikabideek nola landu dute?

 

Albistea izan da ni ezindua izanik kimika kuantikoari buruzko doktoretza aurkeztekotan nagoela. Bai, hori egia da, baina nik adierazi nahiko nuke gure arazoa haratago doala. Ez da bakarrik ikerkuntza munduan dabilen pertsona ezinduaren testigantza. Lan munduan sartu nahi duen ezindu batek izango lukeen arazo baten lekukoa naiz. Nik ez dut dominarik jartzerik nahi. Defendatu nahi dut guk ere badugula lan egiteko eskubidea. Izan ere, lan egiteak ez du inolaz ere esan nahi ezindu gisa ditugun gastu gehigarri horiek ordaintzeko laguntzarik ez dugunik behar.

 

Bertsotan aritzeko toki bat. Entzuteko arazoak ditudanez, nahiago izaten ditut oihartzuna saihesteko diseinatuta dauden aretoak; tabernak, esaterako, ez dira niretzat egokiak.

 

Doktorego tesia amaituta, zer? Niri benetan dibulgazio zientifikoa gustatzen zait. Gainera, pasio hori euskararekin uztartzeko aukera izango banu, askoz ere hobeto.